XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKALKI GUZTIETAKO ETNOTESTUAK

1.SARRERA

1.1. Euskara mintzatuaren bilketak

Oraintsu gure artean etnotestuak hitza entzun da tarteteka tarteka.

Egia esan, izen hau berri xamarra da.

Baina izana edo edukia egon badago, gure artean, euskara alorrean.

Zorionez batzuk bildu izan dituzte testuak gure artean ere.

Nahi genituzken beste ez, baina bai zertxobait.

Lehengo gizaldiraino ere joan gaitezke.

Eta beste gauza askotan bezela euskaldun ez ziranak, atzerritarrak, laguntza ederra eman digute esparru honetan ere.

Webster aipatu behar da.

Edo Cerquand.

Besteen adibideak jarraituz, etxekoek ere hasi ziran biltzen.

Ez gaur nahi genuken moduan, baina bai ahal zuten moduan.

Eta horrela Azkuek Euskalerriaren jakintza osatu zuen.

Barandiaranek 1917tik gaur arte bildu izan ditu, han, hor, hemen ipui eta kontakizunak.

Caro Barojak ere batzuk bildu zituen; A. Irigaraik, eta Iparraldean, Barbier eta Ariztia eta Larrasquet-ek, denetatik izen batzuk aipatzeagatik.

Ez da nere helburua biltzaile guztiak aipatzea.

Adibide bezela nahiko dira.

Eta Mitxelena bera ere ibili zen alor horretan.

Gutxi ezagutzen da Erronkarin egin zuen bilketa.

Gainera zoritxarrez grabatu zuen haria, galdu egin omen zen.

Baina zerbait egin zuen eta gainera beste batzuk bultzatu zituen eta laguntza eman zien horrelako lanak argitaratzeko.

Anuario del S. de Fil. Vasca Julio de Urquijo horren lekuko da.

Gizaldi honetak 1920tik aurrera hizkuntza atlasak, eta hitzak eta gauzak metodoa zabaltzen hasi ziran.

Horren inguruan sortu ziran halako herriko hizkuntza izenburuarekin egin ziren lanak.

Gazteleraz badaude hainbat lan El habla de... izenburuarekin, 1940-1970 bitarte horretan egin direnak.

Eta Europarantza begiratzen badugu, ez da ahaztu arlo hori.

Gure ondoan dagoen Frantzian, hizkuntza akademiko eta arautua duen horretan, eta Parisko Akademiak hainbeste erabakitzen duen horretan ere, lehenago egin izan dituzte horrelako lanak.

Eta oraintsu, 1980tik honantza batez ere, etnotestuetara itzuli dira.

Amerikatarren atzetik, baina azkenean iritxi dira.

Zer esanik ez Italian, dialektoak hainbeste indar duten Italian.

Gure artean gorago aipatu ditugu biltzaile batzuk.

Barandiranek oraindik bizirik eta lanean dirau.

Hizkuntzalari ez izanik ere bildu dituenak, garrantzitsuak dira hizkuntzalarientzat.

Batez ere orain euskara galduta dagoen zenbait tokitakoak.

Mitxelenak Erronkarin bildu zituen grabaketa batzuk.

Baina batez ere lagundu eta bultzatu egin zituen horretan zebiltzan batzuk.

Adibidez A. Kandido Izagirreren lanak argitaratu zituen ASJUn.

Gero 1972 eta 1983 bitartean beste ardura batzuk izan zituen.

Neurri txiki baten ni neu ere lekukoa naiz Mitxelenak ahozko euskarari garrantzia eman ziola esateko.

Tesina xume baten orrialdeak zuzendu zizkidan.

Eta Juan Manuel Etxebarria askoz gehiago, bere Zeberioko euskara mintzatuaren tesia berak zuzendu zuelako.

Eta Mitxelenaren heriotzaren ondoren Alfontso Irigoienek.

Bide apal hori jarraitu nahi dugu lan honetan.

Eta hori ere badagola aldarrikatu nahi dugu.

1.2. Lekukoaren garrantzia

Honelako lanetan lekukoak garantzitsuak dira.

Horregatik begirune haundiarekin erabili nahi dugu bakoitzaren euskara zatia.

Bakoitzak eskaini digun altxor zatitxo bat da, eta arretaz hartzen dugu.

Askotan inoren laguntzarik gabe, beraien identitatearen erakusgarri den mintzaira gorde izan dute.

Administrazio publikoak zaindu behar zituen eta zaindu ez dituen ondasunak, zaindu dituzte.

Eta begirunez hartu ditugu.

Gaur horrelakoei esker, pixkat aberatsago gera denok.

Adibidez Aezkoako eta Zaraitzuko lekukoek, bakoitzak bere herriko aberastasun hori gorde izan dute gaur arte.

Eta horrek Naparroa aberastu egiten du.

Eta Euskalerri osoa ere bai.

Eta España ere bai.

Harrizko monumentu bat galtzen denean, denontzat galera izaten da.

Eta hizkuntza bat galtzen denean edo euskalki bat, hori harrizko monumento bat baino zerbait gehiago da.

Erronkariera galdu zen eta ez dut uste Naparroa aberatsago denik.

Ez Euskalerria, ez España, ez gizartea.

Baieztapen hau beste Euskalerriko toki guztietara zabaldu daiteke.